Bilboko udalak balio zibikoetan sentsibilizatzeko kanpaina abiatu du. Indartu beharreko  jarreren artean bizikletaz espaloietatik zirkulatzea da.Hauxe da Biziz Bizi Elkartearen iritzia gai horren inguruan. (iritzia irakurri behean)

campana-ayuntamiento

Link kanpainara: bilbozureetxeada.com


Ez Aburto jauna, guk ere ez dugu espaloitik bizikletaz  ibili nahi, baina esan behar dizugu ez garela gure etxean sentitzen eta agian horregatik, zuri iruditzen zaizu ez dugula behar bezala zaintzen. Gure etxea ez den Bilbo honetan galtzadatik goazela beldur gara udal honek ez duelako betetzen bizikletaren inguruan sinatutakoa eta zerrenda luzea da:
2007an Udalak txirrindularientzako bideen Plan Berezia onartu zuen, hirian 12 ibilbide diseinatzen zuena. Hiritarrok inoiz bete ez zen plan on bat ordaindu genuen.
2012an Bilbo bizikletaren aldeko hiri sareari atxiki zitzaion, garraiobide horren erabilera sustatzeko, eta oraindik ere ez dugu inolako ondoriorik antzeman.

2013an Udalbatzak, osoko bilkuran eta aho batez, trafikoa mantsotzeari oniritzia eman zion, baina alde horretatik ere ez da inolako aldaketarik egon.

2015eko maiatzean, EAJ izan zen, PPrekin batera, bizikletaren aldeko konpromisoa sinatu ez zuena. Lehenengo puntuetako bat bizikletaren mahaia sortzea zen, erabiltzaileen elkarteek eta Udalak parte hartzeko gunea, mugikortasun politika diseina zedin.

2016ko apirilean Biziz Bizik bizikletaren mahaia abian jartzeko proposatu zion Udalari, 2016-2020ko hiriko Mugikortasun Planaren diseinuan parte hartzeko. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Aurten Biziz Bizik lehenengo bizikleta zuria jarri du Bilboko kaleetan, txirrindularia zen Javiren heriotza irudikatzen duena. Azkena izan dadin nahi dugu, autoentzat pentsatuta dagoen egungo Bilbon beldur izaten baikara.

Hauxe nahi dugu: kale atseginak, trafikoa mantsotzea eta esan eta aldarrikatzen dutena betetzen duten Udal eta zinegotzia. Erreparatu Donostia eta Gasteizi. Bizikletaz mugitzen den munduaren komunitatean, estatuan eta Europan azken postuetan gaude.

Zure esku dago etxean bezala sentiaraztea. Egizu, diseinatu bizikletarako hiri bat, Donostia eta Gasteiz bezala eta gero espaloitik bagoaz, errieta egin. Gugana hurbiltzera, gu ezagutzera eta gutaz kezkatzera gonbidatzen zaitugu. Gure betebeharrak ez ezik,gure eskubideak ere gogoratu. Hiri hau gure etxea ere badela sentiarazi.

Bide batez, deigarria da zure espaloietan autorik ez agertzea, nahiko ohikoa baita. Ziur gaude autoa ez zenukeela zure etxeko korridorean aparkatuko. Ala bai?
Orain, konponbidea zuen esku.Ez hartu auzi hau errazkeriaz eta ez egin txirrindulariaren jazarpenaren alde, kontu hau konplexua eta serioa delako. Ez gara ez zarama, ez txakur gorotzak. Ez gara basatiak.
Behin zure alderdikide batek talde txikian esan zigun bezala, “Gai honi dagokionez, -bizikletaren egoera Bilbon- ez gaude harro egoteko moduan”. Estatuan bizikletarako okerren prestatuta dauden hiru hirietako bateko alkatea izateko ohore zalantzagarria duzu.
Bi datu. Badakizu Gasteizen egiten diren joan-etorrien %13 bizikletaz izaten direla? Eta Danimarkako politikoen %63k lanera joateko erabiltzen dutela?
Udal honek sentsibilizatzeko erabili ez duen dirua milioiak balio dituen bizikletaren aurkako kanpaina batean xahutuko du.
Zure gomendioak entzuten ditugunean,” Errespeta itzazu arauak, erabili baimendutako tokiak eta ikusgarri joan”, alegia, zezenketa-zaleak izan gabe ere, hauxe datorkigu burura: “Zortea eta ekin zezenari”; eta Gabonak hurbil ditugula-eta, honako hau “Zorte ona izan”.
Nire etxea erosoa eta irisgarria da, eta bere bizilagun guztiak kontuan hartuta pentsatuta dago. Ez ahaztu, alkate jauna, guk ere etxean bezala sentitu nahi dugu.

Marta Abiega