Berriro ere autorik gabeko eguna ospatuko dugu, Bilbon behintzat inork sinesten ez duen ospakizuna, eta horregatik, Biziz Bizin “Auto-kopuru berbera duen eguna” ospatzea erabaki dugu.

Europan eta estatuko beste hiri batzuetan bizikletaren egoera ona da; gure udalak, ordea, hiriko paisaiaren apaingarritzat jotzen du eta ez du aintzat hartzen.

Legealdiaren hasieran zinegotziak egindako adierazpenak sinetsi nahi izan genituen. Copenhage bere ikusmuga zela zioen. Bi urte geroago, ordea,  2017an bizikletaz egindako joan-etorriak autoz eginikoak baino gehiago izan dituen hiri hori oraindik bere ikusmuga dela konturatu gara, baina oso urrun dagoena, hurbiltzeko ez  baitu zirkinik egin.

Udalarekin izandako idilio laburrean Biziz Bizik egin eta aurkeztu zituen bizikletaren erabilera ezartzeko proposamenak. Oporretatik bueltan muzio egin dio horri  eta berehala eskatu dio kontsultoria bati milagarren estrategia, aurrekoen erantzun bera izango duena, gure ustez.

Autorik gabeko egunean bizikleta elektriko publikoa aurkeztuko dute.  Sarri askotan esan dugu Bilbo ez dagoela prestatuta espaloietan gehienez 20km orduko abiaduran ibiltzeko eta hori arazo handia izango dela. Gainera, garraiobide horren erabiltzaile askok geure bizikletak ditugu, eta beraz, gastu horrek ez du gurekin zerikusirik.

Biziz Bizin 20 urte baino gehiago daramagu garraiobide horren erabiltzaileok biltzen eta hitzeman ziguten  bezala, bizikletaren mahaia nahi dugu egunerokotasunaren ikuspuntutik hitz egiteko. Gure kalterako da honako erabakia, esaterako: Casilda Iturrizar parkean baterian aparkatzeko toki baten ondoan kontrako aldeko errail bat egitea, baina badakigu, teknikoak tekniko dira, bizikletaz ibiltzen ez diren arren, eta guk ez dugu ahotsik, bizia arriskuan jartzen badugu ere.

Europako hiri guztiek airearen kalitate eskasa hobetu dezaketen eredu jasangarrien aldeko apostua egin dute; Bilbok, egunero ia 313.000 ibilgailu hartzen dituen hiriak, ordea, etorkizunari bizkar eman dio eta ahaztu du kalitatearen estandar horiek erabakigarriak izango direla turismo-arlorako, bizikletaz mugitzen den Europa horretatik datorren arloa, hain zuzen.