Ekainean urtebete izango da Javi hil zela, hilabete larri zaurituta egon ostean. Bilboko kaleetan bizikleta istripu batean hil den gure familiako lehenengo biktima izan da. Autoa erregetzat daukan plaza krudel honetara irteten garenean, bizikleta zuri batek gure hauskortasuna gogorarazten digu.

Bilboko udalaren arabera, egunero sartzen eta ateratzen dira 330.000 ibilgailu pribatu. Horri gehitu behar zaizkio beste 100.000 hiri barneko joan-etorri. 2015eko erroldaren arabera, Bilbo hiriak 345.000 biztanle ditu.

Bilboko kaleetatik at nahi ditugu ke kontaminatzaileak (eta denok derrigorrean arnastu beharrekoak) sortzen dituzten autoak; trafikoa baretzea nahi dugu, Bilboko udalak 2013an osoko bilkura pozgarri hartan aho batez baietsi zuen bezala. Urrutiko garai horietan, osoko bilkura batean trafikoa baretzea aho batez onartzea loteslea zelakoan geunden gu, hain ginen inozoak. Eskatzen dugu mugikortasun iraunkor eredu bat abian jartzea, eredu bat non oinezkoak eta txirrindulariak protagonistak izango garen auto ahalguztidunaren aurrean; segurtasuna eskatzen dugu bizikletaz ibiltzen garenontzat; eskatzen dugu hiria birpentsatzea ahaztuta daukaten bizikleta kontuan hartuta baina… kasurik ez.

Zirkulazio zinegotziak bere agintaldia indarrean jarri zenean esan zuen Copenhage zuela helburu. Hiru urte pasa dira eta helburu hori gero eta urrunago dago: ametsak egia bihurtzeko haiengan sinistu behar duzu, haien alde borrokatu. Diskurtso bera darabil gaur egun ere, baina esan eta egin ez dira berdin. Noiz arte itxaron beharko dugu zirkulazio zinegotziaren esanak egia izateko? Zenbat biktima beharko ditugu? Horiexek galderak. Bitartean Maitek, duela hiru hilabete furgoneta batek bidegorri batean harrapatu zuen emakumeak, konorterik gabe jarraitzen du ospitale batean.

Argazkiak (Ecuador Etxea)